Karmona (88ko Olinpiadak)

Karmona, Olinpiada haietako kamisetarekin

Karmona, Olinpiada haietako kamisetarekin

«Onena da herriko koadrilak oraindik gogoratzen

direla Olinpiadez»

– Nolatan antolatu zenituzten Hernaniko lehen Olinpiadak? Zein zen garai horretan Hernaniko egoera?

Hernaniko lehen Olinpiadak, uste dut, 86an hasi zirela antolatzen, bai 86-87. urtetan. Baina indartsuenak 88koak izan ziren.

80. hamarkada urte garrantzitsuak izan ziren egoera politiko eta sozio-laboral aldetik. Eta, droga ere aipatzekoa da urte horietan. Heroinak hutsune handiak utzi baitzituen…

Garai haietan gazteak oso politizatuak zeuden, antolatuak zeuden baina koadrilaka, ez zegoen konexiorik lagun talde desberdinen artean. Gazteak koadriletan ibiltzen ziren, koadrila itxiak ziren, bakoitzak beren interesen, zaletasunen, ideologiaren… arabera mugitzen ziren. Beraz, antolakuntza bai bazegoen, baina elkarren arteko harreman gutxi.

Egoera horri aurre egiteko, batetik, okupazioak hasi ziren eta, bestetik, beste ekintza nagusi batzuk. Horietako batzuk izan ziren: Akelarrea, “Indiada” inauterietan eta Olinpiadak. Horien helburuak hauek izan ziren: herriko koadrila desberdinak batzea, antolatzen ikastea eta helburu zehatz baten parte sentiaraztea herriko gazteak.

Olinpiadei dagokionez, esan bezala, herriko gazte desberdinak batzea zen helburu. Baita ere hauengan hainbat balore sustatzea, hala nola, tolerantzia eta solidaritatea. Azkenik, euskara bultzatzea baita ere zen gure helburuetako bat.

– Zeintzuk izan zinaten antolatzaileak? Zenbat taldek parte hartu zuten? Zeintzuk izan ziren irabazleak?

Olinpiadetan, ikusita Hernaniko gazte harremanak koadrilaka ematen zirela, koadrilaka parte hartzea erabaki zen. Bazeuden 4 bat pertsona atzetik dena koordinatzen zutenak, baina antolatzaile denak izan ginen. Astero batzen ginen, parte hartzen zuten koadrila bakoitzetik pertsona bat joaten zen bileretara eta bertan hitz egiten zen egindako ekintzaz, balorazioa egiten zen… Horrela ikasi genuen nola antolatu behar ginen gauza desberdinak burutzeko.

20 koadrila inguru elkartu ginen. 20 edo 23 bat koadrila parte hartu genuen garai haietan, Olinpiadetan. Parte hartzen zuen koadrila bakoitzak zerbait antolatzeaz arduratu behar zen, hori zen koadrilen betebeharretako bat.

Froga bakoitzak bere irabazlea zuen. Baina egiten ziren froga guztiak oso desberdinak ziren eta koadrila desberdinak antolatzen zituzten, honela frogetan koadrila desberdinek irabazteko aukera eskaintzen zuten. Hala ere, irabaztearen gaiari garrantzia kentzen saiatzen ziren beti ere. Beste pisuzko baldintza bat irabazi ahal izateko, edota Olinpiadetan parte hartzeko, emakumezkoen parte hartzearekin zerikusia zuen. Garai haietan koadrila gehienak banatuak zeuden, gizonezkoak, batetik, eta emakumezkoak, bestetik. Era honetan koadrilak elkartzen ziren parte hartzeko.

– Zer balorazio egin zenuten Olinpiada haietaz?

90 egun, ekintza desberdinetan parte hartzen 4 hilabetez: xakea, futbolina, musa… Astean zehar ere froga desberdinak zeuden. Olinpiaden bukaera apoteosikoa izan zen, kiroldegian, kontzertuak, sariak… Hauek eskuekin egiten genituen, zeramikarekin eta beste materialekin.

Baina, balorazio bezala, hoberena da herriko koadrilak oraindik gogoratzen direla Olinpiadaz eta horiek gabe ez genuela elkarri ezagutuko koadrila eta pertsona desberdinen artean. Olinpiadak pertsona ezberdinak ezagutzeko aukera eskaini zigun herriko koadrilei eta hauek gabe elkar ezagutzeko aukera hori ez zen emango.

Utzi iruzkina