Olinpiadak 2012

Apa gaztiak!

Iritsi da hainbeste esperotako eguna, Hernaniko Gazte Olinpiadei hasiera emango dien eguna!

Bi urte itxaron behar izan ditugu. Bi urte luze gehienentzat. Hala ere, argi izan aurtengoan inoiz baino indartsuago datozela! Izan ere, 32 taldek eman dute izena. 32 talde, ehundaka gaztez osatua eta ilusioz gainezka.

Duela bi urte, jolas ikusgarriez gozatu ahal izan genuen, eta ez eduki dudarik aurtengoan ere halako gehiago izango ditugula. Dena dela, garrantzitsua da gogoratzea olinpiadak ez direla jolas eta parranda hutsa. Gure arteko harremanak sendotzeko eta herriari bizia emateko dira. Elkarrekiko errespetua sustatzeko. Aisialdi eredu alternatibo bat eraikitzeko. Euskaraz gozatzeko. Era berean, azpimarratu nahi dugu ez dela inolaz ere onartuko jarrera sexista eta homofoborik. Azken finean, denok amesten dugun jendarte ereduaren islada.

Ahaztu gabe, gure artean ez daudenak ere gogoraraziko ditugu, beraientzat txalo bero bat. Honekin batera, beste txalo zaparrada bat eskatuko genuke lan politikoa egiteagatik laister epaituko dituzten hernaniko 10 gazteentzako ere.

Beraz, Olinpiada ezinhobeak izatea espero dugu. Horretarako guztion elkarlana beharrezkoa da, baina ez dugu dudarik hala izango dela. Goza dezagun guztiok bada!

GORA HERNANIKO OLINPIADAK!

Utzi iruzkina